2015(e)ko abenduaren 15(a), asteartea

ARTEFAKTOA.

Aurten, modulu arteko lana egiteko Artefakto bat egitea proposatu ziguten irakasleek. Hala, gure taldeak artefaktoa burutzeko erabakitako gaia "Modak gizartean duen eragina" izan zen, nahiz eta gu tailetan zentratu garen.

Artefaktoa egiteko, argazki seguentzia beten bidezko muntaia egitea pentsatu genuen. Argazki hauek editatu egin genituen (txuri beltzza, inguruko "borrosoa", etab.) ikuslearen atentzioa manikira zentratzeko asmoz. Maniki honen bolumena handitzen doa bideoan zehar, eta hau gertatu ahala, honen aurpegiko espresioa ere aldatuz doa. Bideoari musika eta esaldi batzuk txertatu genizkion, espresio honekin bat doazenak.

Manikiaren inguruan taldekideak azaltzen gara "gizartea" irudikatzen. Daramazkigun maskaren bitartez, gizartearen "pertsonalitate eza" transmititu nahi dugu.

Hona hemen gure artefaktoa: 


Artefakto honen bidez, taldekideon asmoa gizarteak pertsonen itxuran duen eraginari buruz hausnarketa kritiko bat sustatzea izan da.  Judith Rodin-ek dioen moduan:

"Nuestros cuerpos se han convertido en la nueva moneda. La apariencia, el buen aspecto y la aptitud fĂ­sica son ahora la medida de nuestro valor social "

Bestalde, bideo honen bidez azpimarratu nahi izan dugu, gizarteak itxuran duen eragina handiagoa dela emakumeengan. 

2015(e)ko azaroaren 12(a), osteguna

IKT-ko tailerra amaierarik gabe. VOKI

Haurrekin inoiz ez dago jakiterik, eta hasiera batean gure tailerra elkarrizketa motz bat besterik izango ez zela pentsatzen genuen arren, azken batean luzerako izango dela dirudi. Irakasleari ideia paregabe iruditu zaio Voki programa idatziak (gazteleraz kasu honetan) eta ahozkoak lantzeko tresnatzat erabiltzea. Gainera, bide batez kultur aniztasunari buruz hitz egiten jarrai dezake urtean zehar. Hau dela eta, tailerrarekin aurrera jarraitzea erabaki du!

Hau entzuteak benetan poztu nau, ikasle eta tutoreak geure proiektua aurrera eramaten laguntzeaz gain, guk ere haiek lagundu ditugula dirudielako; haientzat ere proiektu hau erabilgarria izan delako. Haurrei gainera, idatziak lantzea askoz errazagoa egiten zaie era honetan, helburu batekin egiten baitute; Sofiari erantzun bat ematea.  

Esan nizuen bezala, aurreko astean Sofiaren erantzuna txertatu genuen ikasleen blogean. Esan bezala, elkarrizketa honek luzerako daukala dirudienez, irakasleak astero bikoteka erantzun bat idaztea proposatu die ikasleei. Lehen bikoteak idatzitakoa eta Sofiaren erantzuna hemen uzten dizuet: 
AITOR SOFIA

2015(e)ko azaroaren 10(a), asteartea

Antzerkia. Jontxuren lapikoa

Atzo Aitor Ikastolako ikasleek antzerki bat ikusteko aukera izan zuten. Antzerki hau emakume bakarrak burutu zuen, musikaren eta hainbat materialen (kaxak, pertxak eta arropa) laguntzaz. 

Emakumeak arropa atalak erabiliz hainbat pertsonaia sartu zituen; hauek pertxetan tente jarriz, eskuaren laguntzaz mugitzen zituela. Era honetan, eta sarrera txiki baten laguntzaz, antzerkiak islatu zuen mezua ondorengoa izan zen: Askotan, oraindik ere erabilgarria den arropa botatzen dugu. 


Arropari erabilera hau emanez, emakumeak jontxuren lapikoaren istorioa antzeztu zigun:

"Jontxu lapiko bat itsatsita zuelarik jaio zen, eta geroztik lapikoarekin bizi da. Lapiko honekin bizitzeak, zailtasunak ekartzen dizkio Jontxuri batzuetan, lapikoa toki guztietan trabatzen baitzaio. Gainera, inguruko batzuek Jontxu baztertzen dute arraroa dela pentsatzen dutelako. Hau dela eta, Jontxu oso triste jartzen da, beti traba egiten duela pentsatzen duelako; ezertarako balio ez duela. Azkenean, pertsona beten laguntzaz, Jontxuk lapikoarekin bizitzen ikasten du, eta bere burua den bezalakoa onartzen". 
 
Istorio hau antzeztuta, ondorengoa azaldu zuen emakumeak: "Lapikoa nortasunaren adierazle izan da antzezlanean. Gutako bakoitza lapiko (nortasun) ezberdin batekin bizi da. Denok daramagu lapiko bat gurekin, eta gainontzekoena errespetatzeaz gain, guk ere geurearekin bizitzen ikasi behar dugu, izugarrizko balioa duela ahaztu gabe".

2015(e)ko azaroaren 3(a), asteartea

IKT-ko tailerra martxan. Azken emaitza


Ikasleen artean Sofiari erantzuna prestatu ondoren, aurreko astean sortu genuen pertsonaia birtualean (Aitor) itsatsi dugu testua. Hau izan da denon arteko lanaren bidez ateratako emaitza: 

Ikusi dezakezuenez, ikasleek sortutako erantzunak Sofiaren aldetik beste erantzun bat eskatzen du; beraz, guk Sofiaren pertsonaiean honako erantzun hau prestatu dugu: 



Ea haurrei gustatzen zaien  Sofiak dioena, eta ea zein den haien erantzuna!

2015(e)ko urriaren 30(a), ostirala

PRACTICUM I. Musika mundura hurbiltzen

Gaurkoan, kontzertu pedagogikoa ikusteko aukera izan dut Egiako Musika eta Dantza Eskolan. 
 
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako hainbat irakaslek haurrei zuzendutako kontzertuak antolatzen dituzte; kontzertu pedagogikoak edo entzunaldi aktiboak. Entzunaldi hauen helburua, ikasleak musikaren mundura hurbiltzea da, musikarekiko zaletasuna sustatuz eta musika-tresnak jotzera bultzatuz. 
 
Hau aurrera eramateko, haurrek ezagunak eta atseginak dituzten obrak erabiltzen dituzte, beharrezko moldaketak eginez. Gainera, kontzertuetan dinamismoa lortzeko, antzeztu egiten dute musikaren erritmoa jarraituz, baita haurren parte-hartzea bultzatu ere (eskema erritmikoak errepikatuz, melodiak abestuz, instrumentuak probatuz...)

Adinaren arabera, kontzertu ezberdinak antolatzen dira. Gaurkoan, Lehen Hezkuntzako 4.mailako haurrei zuzendutako kontzertu pedagogikoa ikusi dugu, “Musikortxea jatetxea”, zeinak helburu zehatz bat zuen: Forma musikal batzuk ezagutzea (ostinato erritmikoa, ostinato melodikoa, kanona...), musika eta antzezlana erabiliz. 
 
Esperientzia ederra izan da, haurrek primeran pasa dute eta nire iritziz haurrak musika mundura hurbiltzeko eta harekiko jarrera positiboa lortzeko modu aproposa da.

2015(e)ko urriaren 29(a), osteguna

PRACTICUM I. Gelako ardurak

Gaur, gelakideen artean ardurak banatu ditugu. Ikasleak 5 taldetan banatuta daude, eta talde horietako bakoitzeko ikasleek ardura ezberdin bat dute; hala, talde guztietan izango da koordinatzaile bat, idazkari bat, bozeramaile bat, laguntzaile bat eta material arduradun bat. Ikasle bakoitzak, esleitu zaion arduraren arabera, zeregin batzuk izango ditu betetzear ikasgela barruan. Hala ere, talde batzuetan 5 ikasleko kopurura iristen ez direnez, ikasle bakar batek bi ardura hartu ditu. Gainera, ardura hauek aldatuz joango dira kurtsoan zehar, ikasle guztiek ardura ezberdin guztiak izateko asmoz. 

Ardura bakoitzaren zereginak erabakitzeko, ardura bereko ikasleak taldeka bildu dira, eta denbora batez haien eginbeharrari buruz eztabaidatu dute. Ateratako emaitza honakoa izan da: 

KOORDINATZAILEAREN ZEREGINAK
  • Irakaslearen azalpenak entzun ondoren, taldekideei egin beharrekoaren berri emango die.
  • Taldekideren batek zer edo zer ulertzen ez badu, azalpenak emango ditu.
  • Norbait despistatzen bada, koordinatzaileak adi egoteko esango dio.
  • Lana egiteko garaian erabili beharreko teknikak errespetatu eta taldekideei gogoraraziko dizkie.

BOZERAMAILEAREN ZEREGINAK
  • Taldean eztabaidatutako iritziak ozenki esango ditu.
  • Denen aurrean ozen irakurri aurretik prestatu egingo du( 2-3 aldiz irakurriz).
  • Taldekideei galdetu ea ados dauden ozen esan beharrekoarekin.
  • Taldean erabakitako ideiak talde handian esango ditu.
  • Zailtasun baten aurrean irakaslearekin hitz egingo du.

IDAZKARIAREN ZEREGINAK
  • Taldeko lana egiten ari garenean isiltasuna mantenduko du.
  • Lana egiteko dagoen denbora kontrolatu eta taldekideei jakinaraziko die.
  • Taldekideei animatu (gauzak ondo egiten dituztenean, saiatzen direnean...).
  • Taldekideen arteko borrokak ekiditen saiatuko da.
  • Taldeko giroa lasaia izateaz arduratuko da.

MATERIAL ARDURADUNAREN ZEREGINAK
  • Lanean hasi aurretik beharrezko materiala mahi gainean utziko du.
  • Beharrezko materiala taldekide guztiei banatuko die.
  • Lanarekin amaitzean, erabilitako materiala bere tokian gordeko du.

LAGUNTZAILEAREN ZEREGINAK
  • Taldekide bat etortzen ez denean, laguntzaileak bere lana egingo du.
  • Behar dutenean, taldekideei lagunduko die. 

Azaldutako hau hobeto ulertzeko, gelako espazioaren antolaketaren eskema erraz bat utziko dizuet hemen, ardura bakoitza kolore ezberdin batekin islatuz

























Zeregin hauek betetzea ez da lan erraza, baina denek haien aldetik gogoak jarriz gero, gelan lan giro egokia lortzen lagunduko dute. Gainera, haurrek ardurak izatea zer den esperimenta dezakete era honetan. 


2015(e)ko urriaren 28(a), asteazkena

IKT-ko tailerra martxan. VOKI (Bigarren zatia)


Gaur, gaztelerako ordua aprobetxatuz, tailerraren bigarren zatiari ekin diogu; haurrak haien pertsonaia birtualak Sofiari zer erantzungo dion erabakitzen ibili dira. Irakasleok gauza bakarra eskatu diegu ikasleei haien lana bideratzeko: ikasle guztien parte hartzea.
 
Hau esanda, ikasleak ideiak bota dituzte ozenki, gainontzeko ikasleek ideia horri buruzko iritziak ematen zituzten bitartean (esaldia hobetzeko edota aberasteko asmoz). Ikasle guztiek izan dute zerbait esateko aukera. Ideiak finkatzen genituen bitartean, ikasleetako batek koaderno batean bildu ditu eta egia esan elkarlan honen ondorioz oso testu aberatsa sortu dute, ideia asko eta interesgarriz betea. Gainera, testu hau idazteak Sofiaren kulturaren berri izateko interesa sortu die haurrei, beraz, interes hau asetzearren Sofiari honen inguruko galderak egitea erabaki dute. Honen ondorioz, geure tailerra ez da erantzun soil batean geratuko, oraindik ere Sofia-ren eta Aitor-en (pertsonaia birtualak) arteko elkarrizketak aurrera jarraituko du, eta nork daki noiz arte!

Testu hau burutzeak gainera kultur aniztasunari buruz hitz egiteko bidea zabaldu digu, eta denbora labur batez izan bada ere, honen inguruan hitz egiten ibili gara gelan. Honen harira, Sofiaren kasua ikasgelako beste hainbatek bizi izan dutenarekin lotu dugu; gogora ekarri dituzte ikasle hauei egindako harrerak eta haiekin izan duten jarrera; eta ikasleek honen inguruan hitz egiteko eta sentimenduak adierazteko aukera izan dute.

Oraindik tailerra ez dugu guztiz amaitu, azken zatia dugu burutzear; pertsonaia birtualari testua gehitu eta ateratako emaitza ikusita blogera igotzea. Hau egin ondoren, ikasleen elkarlanaren fruitu izango den pertsonaia hau blogera igoko dut nik ere, zuek ikusi ahal izateko!